2012-04-18

ANITZAK
Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleen irakasleak, amak eta aitak gara, gizarteko kideak azken batean, ikastetxeetako heziketa integralarekin kezkatuak, Konstituzioak jasotzen duenaren arabera, gure erlijioko uste sendoekin ados dagoen hezkuntza aukeratzeko gurasoen askatasunaren alde gabiltzanak.
            Nabarmendu egin nahi ditugu gure identitatea, helburuak eta planteamenduak, eta gurasoen eta ikasleen uste sendoekin ados egongo den kalitatezko hezkuntza integral eta erlijiosoaren aldeko gure apustua ere bai.


1. Pentsatzeko askatasuna gure Konstituzioan jasota eta sagaratuta dagoen funtsezko eskubidea da, Estatuak bermatu behar duen Hezkuntza askatasunera hedatzen dena, eta, hain zuzen, Eliza katolikoarekin eta beste erlijioekin hitzarmenak finkatuz, arlo konfesionala aukeratzeko gurasoek duten eskubidera. Espainiako Konstituzioak, bere 27.3 artikuluan argi jasotzen du gurasoek eskura duten eskubidea beraien uste sendoen arabera seme-alabek erlijio eta moral irakaspenak erakutsi diezazkieten, eta Estatuak duen betebeharra eskubide hori bermatzeko (Espainiako Konstituzioa, 27.3 art.).
2. Horrenbestean, gurasoek eskubidea dute beraien seme-alaben ikastetxeetan eskatzeko Erlijioa gainontzeko diziplina akademikoekin batera izatea, beraien fedea eta zientziaren arteko elkarrizketa finkatu ahal izateko, zatitutako pertsonak osa ez ditzagun. Seme-alaben heziketari zentzua emateko eskubide berbera dute beste erlijio eta moral sinesmenetako gurasoek.
3. Larria iruditzen zaigu hezkuntza integralaren garrantzia ez aitortzea, dimentsio erlijiosoa eta morala bazterrean uzten baita, gizakion bizitzan funtsezko elementua izanik. Ez luke bazterkeriarik izan behar, hezkuntza integralean garrantzirik handieneko Zentzuzko Galderetan sakontzeko aukera izan dezaten ume eta gazte guztiek, irakasleen ebaluazio, klaustro eta batzorde pedagogikoetan behin eta berriz aitortzen den bezala, zentroetan aurkitzen ditugun heziketa hutsune larriek erantzutea eskatzen baitute.
4. Iruditzen zaigu Eskolan Erlijio Arloaren izen ona galarazteko kanpaina oinarrizko eskubideen aurkako atentatua dela, Irakasteko eskubidearen eta sinesmen erlijioso eta moraletatik abiatuta aukeratzeko herritarrek duten ahalmenaren aurka jotzearen erantzule eginez.
5. Gure kulturak oinarri nagusienetako bat du kristau sorburua, eta, beraz, Erlijio Arloa ikasteak gure sustraien funtsak aurkitzea dakar, eta sintesi pertsonala egin ahal izango duten gizakiak izateko beharrezko diziplina arteko elkarrizketa finkatu ahal izatea, errespetatuz, Konstituzioak adierazten duen moduan, hori aukeratzen ez duten gurasoen seme-alabek azken galderak beraien usteen arabera lantzea.
6. Erlijio arloarekin ez da inongo ikaslerik behartzen bere usteen aurka joatera, aukera konfesionala eta ez konfesionalaren artean aukeratu baitezakete; ostera, inongo ikasleri ez zaio ukatuko Erlijioak kulturari egindako ekarpen ugariak jasotzen dituen heziketa integrala jasotzea, hori gabe ezin baita gizateriaren ondarea osatzen duen historia, artea, ohitura eta sinesmenik ulertu.
7. Europako herrialde guztietan ematen dira Erlijioko eskolak; Ingalaterra bezalako batzuetan legez derrigorrezko ikasgai bakarra da. Frantzia da arauaren salbuespena, hura izan baitzen eskola alorretik atera zuen bakarra, baina gazteen erlijio- eta balore-kulturaren debaluazio kezkagarriaren aurrean, berriz txertatzea pentsatzen ari dira (Debray Txostenean gomendatutakoaren arabera). Europa barruan bagaude eta hezkuntza sistema guztiak batzeko joera badago, batzuek zergatik aldarrikatzen dute eredutzat frantsesa, Erlijioa baztertzen duen bakarra izanik?
Funtsezkoa iruditzen zaigu gainontzeko arloekiko erabat berdina izatea eta berariazko curriculum edukia definitzea, gure ikastetxe publikoetako ikasle guztiek hezkuntza integrala, osoa eskuratu dezaten, erlijioari nabarmen lotutako gure balioak eta sustrai kulturalak bazterrean utziko ez dituena, eta ironiaz HSAOLaren abiaburu orokorren baitakoa dena, gerora HKLOan jasotzen den bezalaxe.
Beste pentsamendu batzuen ondoan geure burua egiaren bilatzaile bezala sentituz, gizarte demokratiko eta pluralean, eta aukera askea benetan errespetatuz, egin dezagun lan elkarrekin hezkuntzaren kalitatea gero eta hobea izan dadin.

1 comentario:

  1. Aupa Lagunok.

    ErlijioBizitik gure ongietorri beroena eman nahi dizuegu hitz hauen bitartez.

    Gure ataria zuen zerbitzura jartzen da.

    Behar duzutenerako hor gaude.

    Ongi izan.

    ResponderEliminar